Archive for julio, 2006

Gatikan eta Lemoizen Lehen Hezkuntzari ekingo diote

2006/07/21 7:16

Berri onak etorri zaizkigu Gatika eta Lemoiztik. Denbora luzez aurrera eta atzera ibili eta gero, irailan Lehen Hezkuntzako Lehen Zikloa martxan izango dute eskola bi hauetan. Pena, lehenago ez lortzeagatik hainbat ume eskola hauetatik alde egin behar izana.
Eskola hauek erakusten dute Bizkaian ere Eskola Txikiak bizirik daudela eta urteetan izan den gainbeherari buelta ematen ari zaiola.
Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik!

Eskola Txikien II Topaketak

6:59

‘Elkarrekin lanean’ lelopean Ekainaren 6an Eskola Txikien II Topaketak izan genituen Durangon. Bertan eskola txikietan ari garen 100 bat irakasle eta guraso elkartu ginen gure eskoletan egiten diren lanen berri eman eta partaide desberdinen arteko komunikazioa bultzatzeko. Gipuzkoarrak nagusi izan baziren ere, pozgarria izan zen Bizkaiko 11 eskola ordezkatuak izatea, Amoroto, Areatza, Arrankudiaga, Aulesti, Bakio, Ispaster, Lemoiz, Munitibar, Muxika, Otxandio eta Zeberio, hain zuzen.
Topaketek bi lan saio izan zituzten. Lehenengoan, Kataluniako Sant Pere de Vilamajor herriko eskolako irakasleek beraien ‘hormarik gabeko’ eskolaren berezitasunen berri eman ziguten. Atseden laburraren ostean hiru tailerretan banatu ginen: ‘Matematika egiteko adina bost’, ‘Txikipress eskolen arteko’ eta ‘Elkarlana: gurasoak, irakasleak, udala’. Bukaeran makina bat barre egiteko aukera izan genuen ‘sorpresari’ esker. Topaketen zehaztasun eta ondorioak prestatzen ari gara ikasturtea hasi eta gero eskola guztietara bidali ahal izateko.
Topaketetan parte hartu genuenok pozik irten ginen, jendearen partehartzea handia izan zen eta helburuak bete egin ziren. Koordinadoraren aldetik Topaketen oso balorazio positiboa egiten dugu eta horrelako ekitaldiak garrantzi handikoak direla uste dugu. Ea hurrengoan eskola gehiagok parte hartzen duen.

Lemoizkoak asteburu pasan

2006/07/19 2:09

Irudia handituBizkaiko eskola txikien bloga martxan dugula aprobetxatuz, bukatu berri den ikasturtean Lemoizko Guraso Elkartean antolatu ditugun asteburuetako txangoen berri eman nahi dizuet.
Urriaren bigarren asteburuan Astitzera (Nafarroara) joan ginen 34 lagun (ume eta guraso). Bertako aterpetxean mantenu osoan egon ginen. Aralarreko inguruak ezagutzeko aukera izan genuen eta Troska elkartearen eskutik kobazulo batera sartu ginen, asteburu ederra pasatuz.
Ekainaren bigarren asteburuan aldiz, Orioko aterpetxera joan ginen 45 lagun. Han ere mantenu osoan egon ginen. Larunbat goizean aterpetxeko instalazioak aprobetxatu genituen lasai asko egoteko (kirolak, igerilekua,…) eta arratsaldean Donostiako Aquariuma ikustera joan ginen trenez. Igandean Igeldora igo ginen Gipuzkoako Eskola Txikien jaian parte hartzera. Eguraldi beroa izan arren primeran pasatu genuen.
Horrelako ekintzak oso interesgarriak dira guretzat, leku berriak ezagutzeaz gain, eskolako guraso eta umeen arteko harremana sendotzeko oso baliagarriak direlako.
Aurtengoa bukatuta, hurrengo ikasturteari begira hasiak gara dagoeneko. Gure moduko taldeak ostatua izateko aukera duen herri txiki euskaldunen bat ezagutzen baduzue, horren berri ematea eskertuko genizueke.

Ongi etorri!

2006/07/03 10:35

Ongi etorri Bizkaiko Eskola Txikien gunera. Hemen gure eskolak ezagutzeko aukera izango duzu eta baita parte hartzeko ere. Zain gaituzu!