Lemoizkoak asteburu pasan

July 19, 2006 2:09 am

Irudia handituBizkaiko eskola txikien bloga martxan dugula aprobetxatuz, bukatu berri den ikasturtean Lemoizko Guraso Elkartean antolatu ditugun asteburuetako txangoen berri eman nahi dizuet.
Urriaren bigarren asteburuan Astitzera (Nafarroara) joan ginen 34 lagun (ume eta guraso). Bertako aterpetxean mantenu osoan egon ginen. Aralarreko inguruak ezagutzeko aukera izan genuen eta Troska elkartearen eskutik kobazulo batera sartu ginen, asteburu ederra pasatuz.
Ekainaren bigarren asteburuan aldiz, Orioko aterpetxera joan ginen 45 lagun. Han ere mantenu osoan egon ginen. Larunbat goizean aterpetxeko instalazioak aprobetxatu genituen lasai asko egoteko (kirolak, igerilekua,…) eta arratsaldean Donostiako Aquariuma ikustera joan ginen trenez. Igandean Igeldora igo ginen Gipuzkoako Eskola Txikien jaian parte hartzera. Eguraldi beroa izan arren primeran pasatu genuen.
Horrelako ekintzak oso interesgarriak dira guretzat, leku berriak ezagutzeaz gain, eskolako guraso eta umeen arteko harremana sendotzeko oso baliagarriak direlako.
Aurtengoa bukatuta, hurrengo ikasturteari begira hasiak gara dagoeneko. Gure moduko taldeak ostatua izateko aukera duen herri txiki euskaldunen bat ezagutzen baduzue, horren berri ematea eskertuko genizueke.

No Responses to “Lemoizkoak asteburu pasan”

Care to comment?