Archive for October, 2006

Bilerak eskualdeka

October 26, 2006 1:46 am

Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoran eskualdekako bilerak antolatzea pentsatu dugu, guztiok etortzeko aukera izan eta elkar ezagutza areagotzeko. Bilera hauek arratsaldeko 6etan izango dira ondoren aipatzen diren data eta lekuetan, eta gai ordenean agertzen diren gaiak jorratuko ditugu.

Egutegia

  • Azaroak 2; Gautegiz-Arteagan; Amoroto, Aulesti, Berriatua, Busturia, Gautegiz-Arteaga, Ispaster, Munitibar, Muxika, Ea
  • Azaroak 9; Gatikan; Bakio, Gatika, Laukariz, Laukiz, Lemoiz
  • Azaroak 16; Areatzan; Areatza, Arrankudiaga, Artea, Otxandio, Zeanuri, Zeberio
  • Azaroak 23; Artzentalesen; Artzentales, Gordexola, La Arboleda, Turtzios
  • Azaroak 30; Mallabian; Atxondo, Etxebarria, Mallabia

Gai ordena

  • Bizkaiko guraso Elkarteen Koordinadoraren aurkezpena
  • Sarearen antolaketa
  • Eskolen egoera, kezka eta beharrak

Dagokizuen egunean ezin bazarete etorri, beste bilera batera etor zaitezkete.
Animatu eta parte hartu!

Koordinadoraren bileraren berri

October 16, 2006 2:57 am

Urriaren 4an Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoraren bilera izan genuen BIGEn. Bertaratu zirenen artean Artzentales, Ispaster, Laukiz, Lemoiz, Munitibar eta Muxikako eskoletako guraso elkarteen ordezkariak egon ziren, BIGEko Ana eta Palomarekin batera.

  • Hasteko, ekainean Durangon izandako Eskola Txikien II Topaketei buruz hitz egin genuen, esperientzia positiboa izan dela azpimarratuz eta datorren urtean hobetu beharrekoak aipatuz. Topaketen laburpena blog honetan ere zabaldu genuen bere garaian, beraz, bertan duzu informazio gehiago.
  • Bigarrenik, ikasturte honetarako egitasmoetaz hitz egin genuen. Lakuako Eskola Txikien Batzorde Nagusia ez da oraindik bildu, baina Batzordeburu berria izango den Ikastetxe Zuzendariak agindu digu urrian bilduko garela. Bertan gaur egungo arautegiak eskola txikietan nolako eragina duen aztertu nahi da, egin beharreko aldaketak proposatzeko. Arautegia eskola handietan pentsatuz egiten da, eta eskola txikiei egokitzea ez da erraza izaten, gehienetan salbuespenak izaten garelarik. Adibide moduan ondoko arautegiak aipatu ziren: jantokia, gutxiengo baldintzen dekretoa eta garraioa.
  • Bestalde, Bizkaiko eskola txikien arteko elkar ezagutza eta harremana sendotzen joateko hainbat egitasmo proposatu ziren, eskola txangoak herri txikietara egitea eta koordinadoraren bilera sorta bat eskualdeka egitea, besteak beste.
  • Azkenik, elkar ezagutza eta harremana sendotzeko asmotan martxan jarri dugun blogaren aurkezpena egin zigun Palomak. Eskola txiki guztiak erregistratuta zaudete dagoeneko eta laster jasoko duzue eskolan zuen ekarpenak plazaratzeko behar dituzuen datuak eta orientabideak. Informazio horrekin batera, inkesta txiki bat jasoko duzue, gure datu basea eguneratzeko.

Datozen egunetan eskualdeka egingo diren bileren egutegia finkatuko dugu, eskola txikien sarea eratzen joateko asmoz.

Lemoizkoak Beintzan

October 11, 2006 6:49 am

Zubietako errotanLemoizko eskolako 25 guraso eta ume Beintza-Labaiengo aterpetxean izan gara asteburu hau pasatzen, aukera politak eskaintzen dituen inguru zoragarrian.

Aterpetxea bera ederra da, Beintzako frontoi ondoan kokatua, umeek jolasean lasai-lasai aritzeko modukoa. Gainera, Mikelek emandako tratua, Idoiak prestatutako janariaren goxotasunaren parekoa izan da, bata zein bestea detailez beteak, egonaldia erabat atsegina eginez.
Esan bezala inguruak aukera politak eskaintzen ditu. Larunbat goizean Bertizko Jaurerriaren Natur Parkera joan ginen bertako lorategia eta ibilbidetxo bat egitera. Ume txikientzako oso aproposa. Bertan bazkaldu ostean, Zubietako errota Ekomuseoa bisitatu genuen, errota martxan ikusteaz gain herriko inauteriei eta beste ohitura batzuei buruzko bideoa ikusteko aukera izan genuelarik.

Eguna bukatzeko Labaiengo urriko bestara joan ginen aizkolari apustua eta ea herri osoa mahaiaren inguruan nola elkartzen zen ikustera. Igande goizean ‘Lezealde txiki’ kobazuloraino hurbildu ginen. Ume txikientzako ibilbide polita, ikuspegiaz gozatzeko modukoa. Kobazuloa bera txikia eta aberatsa, are gehiago Mikelen azalpenak entzutean, umeak adi-adi mantentzeko modukoak. Gainera, batzuk kobazuloan zeuden bitartean, besteak gaztainak batzeko aukera izan genuen. Gaztainondo ederren fruituak, Mikelek aipatu bezala Nafarroa independentearen garaiko gaztainondoenak. Mendian ibiltzeak sortutako gosea bazkari ederraz asebete ostean, penaz, etxerako bidea hartu genuen.
Hurrengo baterako utzi behar izan genuen Leurtzako urtegia eta beste hainbat leku ikustea.

Beraz, bueltatzeko aitzakia badugu. Eta bueltatuko gara, oraingoan etorri izan ez direnak hurrengoan etorri ahal izateko.