Lemoizkoak Beintzan
2006/10/11 6:49
Lemoizko eskolako 25 guraso eta ume Beintza-Labaiengo aterpetxean izan gara asteburu hau pasatzen, aukera politak eskaintzen dituen inguru zoragarrian.
Aterpetxea bera ederra da, Beintzako frontoi ondoan kokatua, umeek jolasean lasai-lasai aritzeko modukoa. Gainera, Mikelek emandako tratua, Idoiak prestatutako janariaren goxotasunaren parekoa izan da, bata zein bestea detailez beteak, egonaldia erabat atsegina eginez.
Esan bezala inguruak aukera politak eskaintzen ditu. Larunbat goizean Bertizko Jaurerriaren Natur Parkera joan ginen bertako lorategia eta ibilbidetxo bat egitera. Ume txikientzako oso aproposa. Bertan bazkaldu ostean, Zubietako errota Ekomuseoa bisitatu genuen, errota martxan ikusteaz gain herriko inauteriei eta beste ohitura batzuei buruzko bideoa ikusteko aukera izan genuelarik.
Eguna bukatzeko Labaiengo urriko bestara joan ginen aizkolari apustua eta ea herri osoa mahaiaren inguruan nola elkartzen zen ikustera. Igande goizean ‘Lezealde txiki’ kobazuloraino hurbildu ginen. Ume txikientzako ibilbide polita, ikuspegiaz gozatzeko modukoa. Kobazuloa bera txikia eta aberatsa, are gehiago Mikelen azalpenak entzutean, umeak adi-adi mantentzeko modukoak. Gainera, batzuk kobazuloan zeuden bitartean, besteak gaztainak batzeko aukera izan genuen. Gaztainondo ederren fruituak, Mikelek aipatu bezala Nafarroa independentearen garaiko gaztainondoenak. Mendian ibiltzeak sortutako gosea bazkari ederraz asebete ostean, penaz, etxerako bidea hartu genuen.
Hurrengo baterako utzi behar izan genuen Leurtzako urtegia eta beste hainbat leku ikustea.
Beraz, bueltatzeko aitzakia badugu. Eta bueltatuko gara, oraingoan etorri izan ez direnak hurrengoan etorri ahal izateko.
Categories: Egitasmoak
No Comments »


No Responses to “Lemoizkoak Beintzan”
Care to comment?