Koordinadoraren bileraren berri
2006/10/16 2:57Urriaren 4an Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoraren bilera izan genuen BIGEn. Bertaratu zirenen artean Artzentales, Ispaster, Laukiz, Lemoiz, Munitibar eta Muxikako eskoletako guraso elkarteen ordezkariak egon ziren, BIGEko Ana eta Palomarekin batera.
- Hasteko, ekainean Durangon izandako Eskola Txikien II Topaketei buruz hitz egin genuen, esperientzia positiboa izan dela azpimarratuz eta datorren urtean hobetu beharrekoak aipatuz. Topaketen laburpena blog honetan ere zabaldu genuen bere garaian, beraz, bertan duzu informazio gehiago.
- Bigarrenik, ikasturte honetarako egitasmoetaz hitz egin genuen. Lakuako Eskola Txikien Batzorde Nagusia ez da oraindik bildu, baina Batzordeburu berria izango den Ikastetxe Zuzendariak agindu digu urrian bilduko garela. Bertan gaur egungo arautegiak eskola txikietan nolako eragina duen aztertu nahi da, egin beharreko aldaketak proposatzeko. Arautegia eskola handietan pentsatuz egiten da, eta eskola txikiei egokitzea ez da erraza izaten, gehienetan salbuespenak izaten garelarik. Adibide moduan ondoko arautegiak aipatu ziren: jantokia, gutxiengo baldintzen dekretoa eta garraioa.
- Bestalde, Bizkaiko eskola txikien arteko elkar ezagutza eta harremana sendotzen joateko hainbat egitasmo proposatu ziren, eskola txangoak herri txikietara egitea eta koordinadoraren bilera sorta bat eskualdeka egitea, besteak beste.
- Azkenik, elkar ezagutza eta harremana sendotzeko asmotan martxan jarri dugun blogaren aurkezpena egin zigun Palomak. Eskola txiki guztiak erregistratuta zaudete dagoeneko eta laster jasoko duzue eskolan zuen ekarpenak plazaratzeko behar dituzuen datuak eta orientabideak. Informazio horrekin batera, inkesta txiki bat jasoko duzue, gure datu basea eguneratzeko.
Datozen egunetan eskualdeka egingo diren bileren egutegia finkatuko dugu, eskola txikien sarea eratzen joateko asmoz.
Categories: Koordinadora
No Comments »


No Responses to “Koordinadoraren bileraren berri”
Care to comment?