Lakuako Batzordearen bileraren berri

January 10, 2007 10:14 am

Abenduaren 14an bildu zen Lakuako Eskola Txikien Batzordea. Dakizuenez, Batzorde honetan Hezkuntza Saileko arduradun eta teknikariekin batera, Eskola Txikietako irakasle eta gurasoen ordezkariak hartzen dugu parte. Orain arteko arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaria izan bada, hemendik aurrera Ikastetxeen Zuzendaria izango da Batzordeburua, eta bilera honetan Batzordearen egin beharrak eta lan egiteko dinamika zehaztu zituen Batzordeburu berriak:

  • Batzordea hiru hilabetean behin bilduko da gutxienez eta aldez aurretik, gai ordenarekin batera bileran aztertuko diren gaiei buruzko dokumentazio eta proposamenak banatuko dizkigute. Beraz, Batzordea bildu aurretik gure artean eztabaidatzeko aukera izango dugu.
  • Eskola Txikien definiziotik abiatuz, diagnostikoa egin nahi da, gaur egungo egoera ondo ezagutuz etorkizunari begira plangintza egin ahal izateko.
  • Eskolen arazo konkretu eta premiazkoak ere aztertuko dira.

Batzordeburuak gai askori buruzko iritzia azaldu zuen, baina eztabaida hurrengo bileretarako utzi genuen. Dena den ondoko ideiak azpimarratuko nituzke.

  • Txikia izateko gehienez 6 unitate izan behar du eskolak.
  • Hiru lurraldeetarako politika bakarra izan behar du.
  • Bizkaiko Eskola Txiki askok handitzen ari dira eta instalazio arazoak izango dituzte etorkizunean. Horri aurre egiteko udalen inplikazioa behar da.
  • Pertsonalaren formazioa bultzatu behar da. Topaketak antolatzen segitu behar dugu.

Hurrengo bileran jorratu nahi diren gaiak definizioa, diagnostikoa eta formazioa dira. Dokumentazioa heldu bezain laster gure Koordinadoraren bilera deituko dugu, gaiak eztabaidatu eta Lakuako Batzordera iritzi orokorra eraman ahal izateko.

No Responses to “Lakuako Batzordearen bileraren berri”

Care to comment?