Archive for November, 2007

Azaroko batzarra

November 27, 2007 1:22 pm

Dakizuenez pasa den astean Bizkaiko Eskola Txikietako Guraso Elkarteen batzarra egin genuen Bilbon. Batzar honetan Arrankudiaga, Artzentales, Atxondo, Aulesti, Bakio, Busturia, Ea, Ispaster eta Lemoiz eko ordezkariak eta BIGEko teknikaria bildu gara.

Jende berri asko etorri zen eta haien IGEetan berriak direnak ere. Hori dela eta batzarrean sortzen ari den koordinadora zertan datzan azalduz eman diogu hasiera batzarrari.

Eskola Mapa berria egiteko prozesuaz argibideak eman ziren. Prozesu hau ez dago itxita eta gure ekarpenak egiteko aukera izango dugu. Bi dira kezkatzen gaituzten gaiak. Alde batetik, eskolen tipologia aipatzen denean, Eskola Txikiak eta osatugabeak nahastu egiten dira. Nahasmen hori konpontzeko osatuak/osatugabeak terminoak erabili beharrean arruntak/txikiak erabiltzea proposatuko dugu. Gainera, gutxiengo ikasle kopuruak ere aldatzea proposatu nahi dugu, errealitatea hobeto islatzeko asmoz. Bigarren kezka, eskola bilguneena da. Indartu nahi dira bilguneak eta zerbitzu guztien antolamendu unitatea izango dira. Zenbait bilguneetan eskola txiki bakarra dagoenez, bilgune desberdinen eskolen arteko harremana izan ahal izateko atea irekita uztea proposatuko dugu

Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoraren aurtengo erronkak eta funtzionamendua: sortzen ari garen koordinadora honetan Eskola Txikien Guraso Elkarteko guztiak parte izan gaitezke. Gure partaidetza baita koordinadora osatzen duena. Bizkaiko Eskola Txikietako gurasoak biltzeko, gure zalantzak argitzeko, eta eskubideak defendatzeko elkartu ahal gara eta horretarako BIGEren laguntza daukagu.

Aurtengo erronken artean gure arteko ezagutza eta komunikazioa areagotzea da. Horretarako baliabide desberdinak martxan jarri ditugu: sortutako blogean guztiok parte hartu ahal dugu, Bilboko eta zonaldeko batzarrak, posta elektronikoak eta telefonoak

Eskoletako aurtengo zailtasunak, galderak… Denbora gutxi izan genuen azken gai honetarako, baina zalantza batzuk atera ziren eta bilera amaituta telefonoz eta posta elektronikoz beste galdera batzuk argitu ditugu.

Amoroto eskolako bloga

November 12, 2007 4:07 pm

Kaixo lagunok:
Jakin arazi nahi dizuegu gure eskolan, astero umeekin bloga lantzen ari garela.
Hauxe da helbidea: www.amorotokoeskola.blogspot.com/
Esan behar dugu oso ondo dagoela elkar harremanetarako bide hau.

Hemen adibide bat:

amoroto eskolaJPG.JPGUrriaren 24an, Amorotoko ikasleok “JAI BERDEA” ospatu genuen.
Jai berdea Agenda 21eko ekintza bat izan da. Bizikletaz egiteko herrian zehar ibilbide bat prestatu genuen. Lehen hezkuntzakook, ibilbidea egiten ari ginen bitartean zaborrak batu genituen, ondoren sailkatu eta edukiontzi egokietara bota genituen.

Bloga ikusi

Eskola mapa berria egiteko prozesua martxan

November 7, 2007 5:14 pm

Hezkuntza Sailak eskola mapa berria egingo du ikasturte honetan, aurrekoa egin zenetik 11 urte igaro direlako eta tarte horretan hainbat aldaketa gertatu direlako. Prozesua orain dela aste batzuk hasi zen hezkuntza eragileei eztabaidarako zenbait dokumentu aurkeztuz ekarpenak jasotzeko asmoz. Asmo hau legebiltzarrean ere aurkeztu zen urriaren 29an eta hurrengo eguneko hedabideetan oihartzuna izan zuen. Prozesu hau ez dago itxita, azaro eta abenduan ekarpenak aurkezteko aukera egongo da azken txostena izan aurretik.
Eskola mapak eragin zuzena du eskoletan, baita Eskola Txikietan ere. Beraz, dokumentuak aztertzea beharrezkoa dugu gure iritzia gauzatu eta ekarpenak egin ahal izateko. Aipatutako dokumentuak Hezkuntza Saileko webgunean dituzue: ikastetxeak eta ikasketak/eskola mapa  eta eztabaidarako aproposena ‘EAEko eskola mapa egiteko irizpideei buruzko proposamena’ da. Bertan, besteak beste, Eskola Txikien ezaugarriak zehazten dira, ratioak eta gutxieneko ikasle kopuruekin batera.
Azaroaren 12an izango dugun bileran, gai honi buruz hitz egingo dugu eta gure arteko eztabaidarako bideak ezartzen saiatuko gara.

Guraso elkarteen bilera atzeratu

November 6, 2007 3:53 pm

Deialdia egiteko orduan izandako arazoengatik, azaroaren 5ean egiteko zen bilera, azaroaren 12ra atzeratu dugu. Bilera 6etan izango da BIGEren egoitzan (Ronda kalea 27, 1. ezk, Bilbao) ondoko gaiak jorratzeko:

  • Hezkuntza Saileko Eskola Txikien Batzordea
    • Eskola Txikien definizioa
    • Eskola Mapa
  • Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoraren aurtengo erronkak eta funtzionamendua
  • Eskoletako aurtengo zailtasunak, galderak…

Eskoletara bidalitako galdetegia erantzun ez duzuenok bilerara ekartzea eskatzen dizuegu.

Zuek guztiok agertzea espero dugu.

Lemoizkoak Beintzan ostabere

November 5, 2007 4:10 pm

Lemoizkoak Beintzan

Iazko oroimena hain ona izanik, aurten ere Lemoizko eskolako guraso eta umeak Beintzako Orbela aterpetxean izan gara asteburua pasatzen. Oraingo honetan 36 izan gara urriko azken asteburuan bertaratu garenok eta Mikelen iradokizunei jarraituz gure ume txikientzako (3-10 urte bitartekoak) aproposak izan diren jarduerak egin ditugu.
Donamarian

Larunbat goizean Leurtzako urtegietara joan ginen ibilbide laburra egiteko. Ibilbide erraza eta udazkenean murgildutako inguru zoragarria. Goiza bukatzeko Donamariara joan ginen, bertako zabu, tirolina eta gainontzekotan umeak (eta nagusiak) primeran pasatu zutelarik. Aterpetxean bazkaldu ostean, gaztainak biltzera joan ginen basora, bertako gaztainondo zaharren presentziarekin aho zabalik geldituz.
Gaztainondoan
Igandean berriz, Zugarramurdira joan ginen bertako leizeak ikustera. Mikel eta Idoiak prestatutako luxuzko ‘picnic’a dastatu ostean etxerako bidea hartu genuen.
Honi guztiari eguraldi ederra eta Mikel eta Idoiaren tratu berezia eta janari goxoa gehituz gero, beti ere detailez beteak, asteburu zoragarria izan dugula esan behar dugu aurten ere.
Hala ere, hain ondo pasatzeak dilema bat sortzen digu, datorren urtean leku berriren bat ezagutzera joan ala berriz ere Beintzako bisita errepikatu? Dilema gogorra, benetan.

Eskola Txikietako Guraso Elkarteen batzarra

November 1, 2007 1:02 pm
Ikasturte berria hasi da eta Eskola Txikien egoera zelan dagoen ikusteko eta hobetzeko datorren azaroak 5, arratsaldeko 6 etan, Bizkaiko Eskola Txikietako Guraso Elkarteen batzarra izango dugu BIGEren egoitzan (Ronda, 27-1. ezk., Bilbao). Batzar honetara Eskola Txiki guztietako gurasoak agertzea nahi dugu, eta duela hilabete bat eskoletara bidalitako datuen orria erantzun ez duzuenok bilerara ekartzea eskatzen dizuegu.

Batzar honetan, besteak beste, hurrengo gaiak jorratuko ditugu:

  • Hezkuntza Saileko Eskola Txikien Batzordea
    • Eskola Txikien definizioa
    • Eskola Mapa
  • Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoraren aurtengo erronkak eta funtzionamendua
  • Eskoletako aurtengo zailtasunak, galderak…

Zuek guztiok agertzea espero dugu.