Author Archive

Lemoizkoak Beintzan ostabere

2007/11/05 16:10

Lemoizkoak Beintzan

Iazko oroimena hain ona izanik, aurten ere Lemoizko eskolako guraso eta umeak Beintzako Orbela aterpetxean izan gara asteburua pasatzen. Oraingo honetan 36 izan gara urriko azken asteburuan bertaratu garenok eta Mikelen iradokizunei jarraituz gure ume txikientzako (3-10 urte bitartekoak) aproposak izan diren jarduerak egin ditugu.
Donamarian

Larunbat goizean Leurtzako urtegietara joan ginen ibilbide laburra egiteko. Ibilbide erraza eta udazkenean murgildutako inguru zoragarria. Goiza bukatzeko Donamariara joan ginen, bertako zabu, tirolina eta gainontzekotan umeak (eta nagusiak) primeran pasatu zutelarik. Aterpetxean bazkaldu ostean, gaztainak biltzera joan ginen basora, bertako gaztainondo zaharren presentziarekin aho zabalik geldituz.
Gaztainondoan
Igandean berriz, Zugarramurdira joan ginen bertako leizeak ikustera. Mikel eta Idoiak prestatutako luxuzko ‘picnic’a dastatu ostean etxerako bidea hartu genuen.
Honi guztiari eguraldi ederra eta Mikel eta Idoiaren tratu berezia eta janari goxoa gehituz gero, beti ere detailez beteak, asteburu zoragarria izan dugula esan behar dugu aurten ere.
Hala ere, hain ondo pasatzeak dilema bat sortzen digu, datorren urtean leku berriren bat ezagutzera joan ala berriz ere Beintzako bisita errepikatu? Dilema gogorra, benetan.

Lemoizkoak igerian

2007/02/23 15:47

Lemoizko eskolako 4 urtetik gorako 22 umeak Mungiako igerilekura joaten hasi dira igeriketa ikastaroa egitera. Ekintza hau hirugarren urtez egiten dugu aurten, pozik gaudenaren seinale. Barikuetan 10.15 abiatzen gara autobusez Mungiako igerilekurantz, bertan 11etatik 11.50ak arte uretan aritu ondoren bazkal ordurako eskolara bueltatzeko. Ekintza honetan denok hartzen dugu parte, umeek igerian egiten, gurasoek aldageletan laguntza ematen eta bi monitoreak ordaintzen, irakasleek denbora guztian umeen ardura izaten eta udalak autobusa ordaintzen. Otsailean hasi eta ekainera arte, 14 saio izango dituzte aurten. Udaran Armintzako portuan dzanga egiteko prest!

Santa Agedan kantuan

2007/02/06 11:59

Santa Ageda

Beste eskola askotan bezala Lemoizko eskolako umeak ere ostiralean irten ziren Santa Ageda kantatzen. Goiz osoa ibili ziren umeak auzoz auzo kantuan, irakasle eta zenbait gurasoz lagunduta. Lemoiz auzoetan sakabanatuta dago eta, autobusez Armintzara eta Andrakara joan ondoren, eskolako auzoan Urizarren kantatuz bukatu zuten goiza. Eguraldia ere portatu zen, hotza baina ateri.

Lemoizkoak Beintzan

2006/10/11 6:49

Zubietako errotanLemoizko eskolako 25 guraso eta ume Beintza-Labaiengo aterpetxean izan gara asteburu hau pasatzen, aukera politak eskaintzen dituen inguru zoragarrian.

Aterpetxea bera ederra da, Beintzako frontoi ondoan kokatua, umeek jolasean lasai-lasai aritzeko modukoa. Gainera, Mikelek emandako tratua, Idoiak prestatutako janariaren goxotasunaren parekoa izan da, bata zein bestea detailez beteak, egonaldia erabat atsegina eginez.
Esan bezala inguruak aukera politak eskaintzen ditu. Larunbat goizean Bertizko Jaurerriaren Natur Parkera joan ginen bertako lorategia eta ibilbidetxo bat egitera. Ume txikientzako oso aproposa. Bertan bazkaldu ostean, Zubietako errota Ekomuseoa bisitatu genuen, errota martxan ikusteaz gain herriko inauteriei eta beste ohitura batzuei buruzko bideoa ikusteko aukera izan genuelarik.

Eguna bukatzeko Labaiengo urriko bestara joan ginen aizkolari apustua eta ea herri osoa mahaiaren inguruan nola elkartzen zen ikustera. Igande goizean ‘Lezealde txiki’ kobazuloraino hurbildu ginen. Ume txikientzako ibilbide polita, ikuspegiaz gozatzeko modukoa. Kobazuloa bera txikia eta aberatsa, are gehiago Mikelen azalpenak entzutean, umeak adi-adi mantentzeko modukoak. Gainera, batzuk kobazuloan zeuden bitartean, besteak gaztainak batzeko aukera izan genuen. Gaztainondo ederren fruituak, Mikelek aipatu bezala Nafarroa independentearen garaiko gaztainondoenak. Mendian ibiltzeak sortutako gosea bazkari ederraz asebete ostean, penaz, etxerako bidea hartu genuen.
Hurrengo baterako utzi behar izan genuen Leurtzako urtegia eta beste hainbat leku ikustea.

Beraz, bueltatzeko aitzakia badugu. Eta bueltatuko gara, oraingoan etorri izan ez direnak hurrengoan etorri ahal izateko.