Archive for the 'Egitasmoak' category

Lizartza, Albiztur eta Berrobiko eskolen web gunea

January 24, 2007 10:12 am

Lizartza, Albiztur eta Berrobiko eskolen arteko harremana sendotzeko web gunea sortu dute, hain zuzen ere, blog bat. Horretan eskola bakoitzak parte hartzen du bere esperientziak besteei kontatzen, eta haien artean komunikazioa errazteko tresna bihurtu dute web gunea.

Testu batzuk eta argazki batzuk ikus ditzakezue hurrengo linka sakatuz: kontu kontari. Eta eskola bakoitzak daukan web gunerako linkak ere, hor topa ditzakezue.

Gaurko albistea, noski, elurra.

Lemoizkoak Beintzan

October 11, 2006 6:49 am

Zubietako errotanLemoizko eskolako 25 guraso eta ume Beintza-Labaiengo aterpetxean izan gara asteburu hau pasatzen, aukera politak eskaintzen dituen inguru zoragarrian.

Aterpetxea bera ederra da, Beintzako frontoi ondoan kokatua, umeek jolasean lasai-lasai aritzeko modukoa. Gainera, Mikelek emandako tratua, Idoiak prestatutako janariaren goxotasunaren parekoa izan da, bata zein bestea detailez beteak, egonaldia erabat atsegina eginez.
Esan bezala inguruak aukera politak eskaintzen ditu. Larunbat goizean Bertizko Jaurerriaren Natur Parkera joan ginen bertako lorategia eta ibilbidetxo bat egitera. Ume txikientzako oso aproposa. Bertan bazkaldu ostean, Zubietako errota Ekomuseoa bisitatu genuen, errota martxan ikusteaz gain herriko inauteriei eta beste ohitura batzuei buruzko bideoa ikusteko aukera izan genuelarik.

Eguna bukatzeko Labaiengo urriko bestara joan ginen aizkolari apustua eta ea herri osoa mahaiaren inguruan nola elkartzen zen ikustera. Igande goizean ‘Lezealde txiki’ kobazuloraino hurbildu ginen. Ume txikientzako ibilbide polita, ikuspegiaz gozatzeko modukoa. Kobazuloa bera txikia eta aberatsa, are gehiago Mikelen azalpenak entzutean, umeak adi-adi mantentzeko modukoak. Gainera, batzuk kobazuloan zeuden bitartean, besteak gaztainak batzeko aukera izan genuen. Gaztainondo ederren fruituak, Mikelek aipatu bezala Nafarroa independentearen garaiko gaztainondoenak. Mendian ibiltzeak sortutako gosea bazkari ederraz asebete ostean, penaz, etxerako bidea hartu genuen.
Hurrengo baterako utzi behar izan genuen Leurtzako urtegia eta beste hainbat leku ikustea.

Beraz, bueltatzeko aitzakia badugu. Eta bueltatuko gara, oraingoan etorri izan ez direnak hurrengoan etorri ahal izateko.

Lemoizkoak asteburu pasan

July 19, 2006 2:09 am

Irudia handituBizkaiko eskola txikien bloga martxan dugula aprobetxatuz, bukatu berri den ikasturtean Lemoizko Guraso Elkartean antolatu ditugun asteburuetako txangoen berri eman nahi dizuet.
Urriaren bigarren asteburuan Astitzera (Nafarroara) joan ginen 34 lagun (ume eta guraso). Bertako aterpetxean mantenu osoan egon ginen. Aralarreko inguruak ezagutzeko aukera izan genuen eta Troska elkartearen eskutik kobazulo batera sartu ginen, asteburu ederra pasatuz.
Ekainaren bigarren asteburuan aldiz, Orioko aterpetxera joan ginen 45 lagun. Han ere mantenu osoan egon ginen. Larunbat goizean aterpetxeko instalazioak aprobetxatu genituen lasai asko egoteko (kirolak, igerilekua,…) eta arratsaldean Donostiako Aquariuma ikustera joan ginen trenez. Igandean Igeldora igo ginen Gipuzkoako Eskola Txikien jaian parte hartzera. Eguraldi beroa izan arren primeran pasatu genuen.
Horrelako ekintzak oso interesgarriak dira guretzat, leku berriak ezagutzeaz gain, eskolako guraso eta umeen arteko harremana sendotzeko oso baliagarriak direlako.
Aurtengoa bukatuta, hurrengo ikasturteari begira hasiak gara dagoeneko. Gure moduko taldeak ostatua izateko aukera duen herri txiki euskaldunen bat ezagutzen baduzue, horren berri ematea eskertuko genizueke.