Archive for the 'Koordinadora' category

Eskola Txikien III topaketetarako izen ematea

June 17, 2008 9:40 am

Eskola Txikien III Topaketak datorren asteazkenean, ekainaren 25ean, izango dira Durangon. Eskola Txikietako irakasle eta gurasoekin bat egin eta esperientzia desberdinak ezagutzeko aukera ederra dugu. Parte hartzeko Matrikula inprimakia bete eta bertan azaltzen den moduan bidali. Epea ekainaren 20an bukatzen da.
Animatu!


Guraso elkarteen bilera atzeratu

March 5, 2008 10:13 am

Artzentalesen Martxoaren 10ean egiteko zen bilera hilaren 31n izango da ordu eta leku berean.

Azaroko batzarra

November 27, 2007 1:22 pm

Dakizuenez pasa den astean Bizkaiko Eskola Txikietako Guraso Elkarteen batzarra egin genuen Bilbon. Batzar honetan Arrankudiaga, Artzentales, Atxondo, Aulesti, Bakio, Busturia, Ea, Ispaster eta Lemoiz eko ordezkariak eta BIGEko teknikaria bildu gara.

Jende berri asko etorri zen eta haien IGEetan berriak direnak ere. Hori dela eta batzarrean sortzen ari den koordinadora zertan datzan azalduz eman diogu hasiera batzarrari.

Eskola Mapa berria egiteko prozesuaz argibideak eman ziren. Prozesu hau ez dago itxita eta gure ekarpenak egiteko aukera izango dugu. Bi dira kezkatzen gaituzten gaiak. Alde batetik, eskolen tipologia aipatzen denean, Eskola Txikiak eta osatugabeak nahastu egiten dira. Nahasmen hori konpontzeko osatuak/osatugabeak terminoak erabili beharrean arruntak/txikiak erabiltzea proposatuko dugu. Gainera, gutxiengo ikasle kopuruak ere aldatzea proposatu nahi dugu, errealitatea hobeto islatzeko asmoz. Bigarren kezka, eskola bilguneena da. Indartu nahi dira bilguneak eta zerbitzu guztien antolamendu unitatea izango dira. Zenbait bilguneetan eskola txiki bakarra dagoenez, bilgune desberdinen eskolen arteko harremana izan ahal izateko atea irekita uztea proposatuko dugu

Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoraren aurtengo erronkak eta funtzionamendua: sortzen ari garen koordinadora honetan Eskola Txikien Guraso Elkarteko guztiak parte izan gaitezke. Gure partaidetza baita koordinadora osatzen duena. Bizkaiko Eskola Txikietako gurasoak biltzeko, gure zalantzak argitzeko, eta eskubideak defendatzeko elkartu ahal gara eta horretarako BIGEren laguntza daukagu.

Aurtengo erronken artean gure arteko ezagutza eta komunikazioa areagotzea da. Horretarako baliabide desberdinak martxan jarri ditugu: sortutako blogean guztiok parte hartu ahal dugu, Bilboko eta zonaldeko batzarrak, posta elektronikoak eta telefonoak

Eskoletako aurtengo zailtasunak, galderak… Denbora gutxi izan genuen azken gai honetarako, baina zalantza batzuk atera ziren eta bilera amaituta telefonoz eta posta elektronikoz beste galdera batzuk argitu ditugu.

Eskola mapa berria egiteko prozesua martxan

November 7, 2007 5:14 pm

Hezkuntza Sailak eskola mapa berria egingo du ikasturte honetan, aurrekoa egin zenetik 11 urte igaro direlako eta tarte horretan hainbat aldaketa gertatu direlako. Prozesua orain dela aste batzuk hasi zen hezkuntza eragileei eztabaidarako zenbait dokumentu aurkeztuz ekarpenak jasotzeko asmoz. Asmo hau legebiltzarrean ere aurkeztu zen urriaren 29an eta hurrengo eguneko hedabideetan oihartzuna izan zuen. Prozesu hau ez dago itxita, azaro eta abenduan ekarpenak aurkezteko aukera egongo da azken txostena izan aurretik.
Eskola mapak eragin zuzena du eskoletan, baita Eskola Txikietan ere. Beraz, dokumentuak aztertzea beharrezkoa dugu gure iritzia gauzatu eta ekarpenak egin ahal izateko. Aipatutako dokumentuak Hezkuntza Saileko webgunean dituzue: ikastetxeak eta ikasketak/eskola mapa  eta eztabaidarako aproposena ‘EAEko eskola mapa egiteko irizpideei buruzko proposamena’ da. Bertan, besteak beste, Eskola Txikien ezaugarriak zehazten dira, ratioak eta gutxieneko ikasle kopuruekin batera.
Azaroaren 12an izango dugun bileran, gai honi buruz hitz egingo dugu eta gure arteko eztabaidarako bideak ezartzen saiatuko gara.

Guraso elkarteen bilera atzeratu

November 6, 2007 3:53 pm

Deialdia egiteko orduan izandako arazoengatik, azaroaren 5ean egiteko zen bilera, azaroaren 12ra atzeratu dugu. Bilera 6etan izango da BIGEren egoitzan (Ronda kalea 27, 1. ezk, Bilbao) ondoko gaiak jorratzeko:

  • Hezkuntza Saileko Eskola Txikien Batzordea
    • Eskola Txikien definizioa
    • Eskola Mapa
  • Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoraren aurtengo erronkak eta funtzionamendua
  • Eskoletako aurtengo zailtasunak, galderak…

Eskoletara bidalitako galdetegia erantzun ez duzuenok bilerara ekartzea eskatzen dizuegu.

Zuek guztiok agertzea espero dugu.

Eskola Txikietako Guraso Elkarteen batzarra

November 1, 2007 1:02 pm
Ikasturte berria hasi da eta Eskola Txikien egoera zelan dagoen ikusteko eta hobetzeko datorren azaroak 5, arratsaldeko 6 etan, Bizkaiko Eskola Txikietako Guraso Elkarteen batzarra izango dugu BIGEren egoitzan (Ronda, 27-1. ezk., Bilbao). Batzar honetara Eskola Txiki guztietako gurasoak agertzea nahi dugu, eta duela hilabete bat eskoletara bidalitako datuen orria erantzun ez duzuenok bilerara ekartzea eskatzen dizuegu.

Batzar honetan, besteak beste, hurrengo gaiak jorratuko ditugu:

  • Hezkuntza Saileko Eskola Txikien Batzordea
    • Eskola Txikien definizioa
    • Eskola Mapa
  • Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoraren aurtengo erronkak eta funtzionamendua
  • Eskoletako aurtengo zailtasunak, galderak…

Zuek guztiok agertzea espero dugu.

Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen bilera deialdia

June 19, 2007 9:41 am

Ikasturte bukaera bertan dugunez, Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen bilera egitea pentsatu dugu. Bilera Ekainaren 26an, asteartean, arratsaldeko 6etan BIGEren egoitzan (Ronda kalea 27, 1. Ezk, Bilbo) izango da ondoko gaiak aztertzeko:

  • Lakuako Eskola Txikien Batzordeko bilerari buruzko informazioa
  • Hurrengo Batzordeko bilerarako proposamenak
  • Bizkaiko Guraso Elkartearen koordinadorak aurten egindakoaren balantzea
  • Datorren ikasturterako plana

Zuen partehartzeak garrantzi handia du, gure koordinadoraren lana aurrera eramateko. Ezin baduzue bilerara etorri, eskualdeko guraso elkarteekin koordinatu zaitezte, eskualde bakoitzetik norbait etor dadin. Dena den onena, bertan izatea da, beraz, animatu eta etorri!

Koordinadoraren bilerarako deialdia

March 9, 2007 10:18 am

Martxoaren 15ean, arratsaldeko 6.30etan Bizkaiko Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinadoraren bilera izango dugu BIGEn (Ronda 27, 1. ezk). Besteak beste, ondoko gaiak aztertuko ditugu:

  • Lakuako bileren berri (Abenduan izandakoa eta Martxoaren 20n izango duguna)
  • Eskualdekako antolamendua
  • Eskola Txikien definizioa
  • Lakuako Eskola Txikien Batzordean aurkezteko proposamenak

Animatu eta parte hartu, eta ezin bazarete etorri antolatu zaitezte eskualdeko norbait etor dadin.

Lakuako Batzordearen bileraren berri

January 10, 2007 10:14 am

Abenduaren 14an bildu zen Lakuako Eskola Txikien Batzordea. Dakizuenez, Batzorde honetan Hezkuntza Saileko arduradun eta teknikariekin batera, Eskola Txikietako irakasle eta gurasoen ordezkariak hartzen dugu parte. Orain arteko arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaria izan bada, hemendik aurrera Ikastetxeen Zuzendaria izango da Batzordeburua, eta bilera honetan Batzordearen egin beharrak eta lan egiteko dinamika zehaztu zituen Batzordeburu berriak:

  • Batzordea hiru hilabetean behin bilduko da gutxienez eta aldez aurretik, gai ordenarekin batera bileran aztertuko diren gaiei buruzko dokumentazio eta proposamenak banatuko dizkigute. Beraz, Batzordea bildu aurretik gure artean eztabaidatzeko aukera izango dugu.
  • Eskola Txikien definiziotik abiatuz, diagnostikoa egin nahi da, gaur egungo egoera ondo ezagutuz etorkizunari begira plangintza egin ahal izateko.
  • Eskolen arazo konkretu eta premiazkoak ere aztertuko dira.

Batzordeburuak gai askori buruzko iritzia azaldu zuen, baina eztabaida hurrengo bileretarako utzi genuen. Dena den ondoko ideiak azpimarratuko nituzke.

  • Txikia izateko gehienez 6 unitate izan behar du eskolak.
  • Hiru lurraldeetarako politika bakarra izan behar du.
  • Bizkaiko Eskola Txiki askok handitzen ari dira eta instalazio arazoak izango dituzte etorkizunean. Horri aurre egiteko udalen inplikazioa behar da.
  • Pertsonalaren formazioa bultzatu behar da. Topaketak antolatzen segitu behar dugu.

Hurrengo bileran jorratu nahi diren gaiak definizioa, diagnostikoa eta formazioa dira. Dokumentazioa heldu bezain laster gure Koordinadoraren bilera deituko dugu, gaiak eztabaidatu eta Lakuako Batzordera iritzi orokorra eraman ahal izateko.

Eskualdekako bileren berri

December 5, 2006 3:28 am

Joan zen ostegunean bukatu genituen eskualdeka egin ditugun bilerak. Guztira bost bilera izan dira eta Koordinadoraren bileretara orain arte etorri ez diren zenbait eskoletako gurasoek hartu dute parte. Honako hauek dira bileretara etorritakoak: Amoroto, Ea, Gautegiz-Arteaga, Ispaster; Gatika, Laukiz, Lemoiz; Areatza, Arrankudiaga; Artzentales; Atxondo, Aulesti, Mallabia eta Munitibar. Beraz, lehen helburua beteta.
Bileretan hitz egindakoaz ondokoak nabarmenduko genituzke.

  • Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadora eratzea ideia ona izan da eta zabaltzen eta sendotzen joateko ahalegina egiteak merezi du.
  • Sarea egituratzen joateko, eskualdeka lan egitea aproposa ikusten da. Eskualdeko guraso elkarteen arteko harremana sendotzea interesgarria da elkarren berri zehatzagoa izan eta elkarrekin jarduerak egiteko. Gainera, Koordinadoraren bileretan eskualde guztiak ordezkatuak baldin badaude, informazioa eta eztabaida guraso elkarte gehiagotara zabaldu ahal izango da eskualdeko bileren bidez.
  • Eraikinak txiki gelditu dira hainbat eskoletan eta eskola handitzeko edota eskola berria egiteko proiektuak onartzeko arazo handiak daude.
  • Catering enpresen janaria onartzera presionatuta sentitzen dira hainbat eskola, bertako produktuak erabili beharrean.
  • Jantokiko langileen ratioak kalkulatzeko umeak hiru taldetan sailkatzeak eta talde bakoitzean kopuru minimoa behar izateak kalte egiten digu.
  • Garraioarekin ere arazo desberdinak daude: nahiz eta 2 km baino gertuago bizi, oinez joateko baldintza egokirik ez, eskolara goizegi (ordu bete lehenago) heltzea, nahiz eta autobusa bertatik igaro garraio eskubiderik ez izatea,…
  • Eskolak zabaltzeko edo zikloak zabaltzeko traba handiak daude.
  • Gure blogaren berri eman eta erabiltzera animatu genituen eskolak.

Hurrengo Koordinadoraren bilera Lakuako Eskola Txikien Batzordea abenduan bildu eta gero egingo dugu. Ordurako, eskualdeetako bileretara etorri ez diren guraso elkarteekin harremanetan jarri eta informazioa zabaltzeko ahalegina egingo da eskualde bakoitzean.
Besterik, ez. Poliki-poliki, baina ba goaz.