Archive for the 'Koordinadora' category
Bilerak eskualdeka
October 26, 2006 1:46 amBizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoran eskualdekako bilerak antolatzea pentsatu dugu, guztiok etortzeko aukera izan eta elkar ezagutza areagotzeko. Bilera hauek arratsaldeko 6etan izango dira ondoren aipatzen diren data eta lekuetan, eta gai ordenean agertzen diren gaiak jorratuko ditugu.
Egutegia
- Azaroak 2; Gautegiz-Arteagan; Amoroto, Aulesti, Berriatua, Busturia, Gautegiz-Arteaga, Ispaster, Munitibar, Muxika, Ea
- Azaroak 9; Gatikan; Bakio, Gatika, Laukariz, Laukiz, Lemoiz
- Azaroak 16; Areatzan; Areatza, Arrankudiaga, Artea, Otxandio, Zeanuri, Zeberio
- Azaroak 23; Artzentalesen; Artzentales, Gordexola, La Arboleda, Turtzios
- Azaroak 30; Mallabian; Atxondo, Etxebarria, Mallabia
Gai ordena
- Bizkaiko guraso Elkarteen Koordinadoraren aurkezpena
- Sarearen antolaketa
- Eskolen egoera, kezka eta beharrak
Dagokizuen egunean ezin bazarete etorri, beste bilera batera etor zaitezkete.
Animatu eta parte hartu!
Categories: Koordinadora
No Comments »
Koordinadoraren bileraren berri
October 16, 2006 2:57 amUrriaren 4an Bizkaiko Eskola Txikien Guraso Elkarteen Koordinadoraren bilera izan genuen BIGEn. Bertaratu zirenen artean Artzentales, Ispaster, Laukiz, Lemoiz, Munitibar eta Muxikako eskoletako guraso elkarteen ordezkariak egon ziren, BIGEko Ana eta Palomarekin batera.
- Hasteko, ekainean Durangon izandako Eskola Txikien II Topaketei buruz hitz egin genuen, esperientzia positiboa izan dela azpimarratuz eta datorren urtean hobetu beharrekoak aipatuz. Topaketen laburpena blog honetan ere zabaldu genuen bere garaian, beraz, bertan duzu informazio gehiago.
- Bigarrenik, ikasturte honetarako egitasmoetaz hitz egin genuen. Lakuako Eskola Txikien Batzorde Nagusia ez da oraindik bildu, baina Batzordeburu berria izango den Ikastetxe Zuzendariak agindu digu urrian bilduko garela. Bertan gaur egungo arautegiak eskola txikietan nolako eragina duen aztertu nahi da, egin beharreko aldaketak proposatzeko. Arautegia eskola handietan pentsatuz egiten da, eta eskola txikiei egokitzea ez da erraza izaten, gehienetan salbuespenak izaten garelarik. Adibide moduan ondoko arautegiak aipatu ziren: jantokia, gutxiengo baldintzen dekretoa eta garraioa.
- Bestalde, Bizkaiko eskola txikien arteko elkar ezagutza eta harremana sendotzen joateko hainbat egitasmo proposatu ziren, eskola txangoak herri txikietara egitea eta koordinadoraren bilera sorta bat eskualdeka egitea, besteak beste.
- Azkenik, elkar ezagutza eta harremana sendotzeko asmotan martxan jarri dugun blogaren aurkezpena egin zigun Palomak. Eskola txiki guztiak erregistratuta zaudete dagoeneko eta laster jasoko duzue eskolan zuen ekarpenak plazaratzeko behar dituzuen datuak eta orientabideak. Informazio horrekin batera, inkesta txiki bat jasoko duzue, gure datu basea eguneratzeko.
Datozen egunetan eskualdeka egingo diren bileren egutegia finkatuko dugu, eskola txikien sarea eratzen joateko asmoz.
Categories: Koordinadora
No Comments »
Koordinadoraren batzarrarako deialdia
September 20, 2006 4:08 amIkasturte berria hasi da eta Eskola Txikien egoera zelan dagoen ikusteko eta hobetzeko datorren urriak 3, arratsaldeko 6 etan, Bizkaiko Eskola Txikien batzarra izango dugu BIGEn.
Batzar honetan, besteak beste, hurrengo gaiak jorratuko ditugu:
- Eskola Txikien II Topaketak
- Ikasturte honetarako egitasmoa
- Bizkaiko Eskola Txikien bloga
Zuek guztiok agertzea espero dugu.
Categories: Koordinadora
No Comments »
Eskola Txikien II Topaketak
July 21, 2006 6:59 am‘Elkarrekin lanean’ lelopean Ekainaren 6an Eskola Txikien II Topaketak izan genituen Durangon. Bertan eskola txikietan ari garen 100 bat irakasle eta guraso elkartu ginen gure eskoletan egiten diren lanen berri eman eta partaide desberdinen arteko komunikazioa bultzatzeko. Gipuzkoarrak nagusi izan baziren ere, pozgarria izan zen Bizkaiko 11 eskola ordezkatuak izatea, Amoroto, Areatza, Arrankudiaga, Aulesti, Bakio, Ispaster, Lemoiz, Munitibar, Muxika, Otxandio eta Zeberio, hain zuzen.
Topaketek bi lan saio izan zituzten. Lehenengoan, Kataluniako Sant Pere de Vilamajor herriko eskolako irakasleek beraien ‘hormarik gabeko’ eskolaren berezitasunen berri eman ziguten. Atseden laburraren ostean hiru tailerretan banatu ginen: ‘Matematika egiteko adina bost’, ‘Txikipress eskolen arteko’ eta ‘Elkarlana: gurasoak, irakasleak, udala’. Bukaeran makina bat barre egiteko aukera izan genuen ‘sorpresari’ esker. Topaketen zehaztasun eta ondorioak prestatzen ari gara ikasturtea hasi eta gero eskola guztietara bidali ahal izateko.
Topaketetan parte hartu genuenok pozik irten ginen, jendearen partehartzea handia izan zen eta helburuak bete egin ziren. Koordinadoraren aldetik Topaketen oso balorazio positiboa egiten dugu eta horrelako ekitaldiak garrantzi handikoak direla uste dugu. Ea hurrengoan eskola gehiagok parte hartzen duen.
Categories: Berriak, Koordinadora
No Comments »

